verräter
Verräter taldea, 2014. urtean sortu zen Azpeitia Errezil eta Akuako lau gazte elkartu ginenean. Gure helburua Azpeitiko Gaztetxeko bertsio gauerako hiru kanta prestatzea zen eta hortik etorri zen proiektua. Gaizka lehenagotik aritzen zen gitarra jotzen beste talde batean eta Iratz berriz bere kabuz jarduten zen zarata ateratzen, Txapeik ez zuen arazorik bere ahots indartsua jartzeko taldearen esanetan eta Aiertzak urtebete zeraman baxua ikasten.
|
Horrela 2014ko urtarrilean hasi ginen lehen entseguak egiten martxoaren 15ean izango zen bertsio gauean parte hartzeko. Bertsio gauerako abestiak prestatzen ari ginela beste hainbat abesti jotzen hasi ginen eta Gaizkak aspalditik egina zuen eta jo nahi zuen kanta moldatu genuen taldekideok. Bertsio gaua igaro bezain laister emango zigun Orkatz kultur elkarteak lehen kontzertua emateko aukera. Horrela jo genuen lehen kontzertua Satorrak taldearekin batera.
Kontzertu horren geroztik beste hiruzpalau kontzertu jo eta taldea indarra hartzen ari zela konturatuta, taldeari musika aldetik ere indarra emango zion zerbait behar genuela pentsatu genuen, beste gitarra bat alegia. Denboraldia egin genuen gitarra joko zuen norbait bilatzen eta ezin aurkituta taldeko Iratzek, gitarra jotzen zekienez, gitarra jotzea erabaki eta Hidalgo sartu zen bateria lanetan. Ordutik taldeari berezitasuna eman zion bai bigarren gitarra sartzeak eta bai Hidalgok baterian duen abileziak. Horrela taldea finkatuta gelditu zen. Gaizka (Kitarra), Iratz (Kitarra), Aiertza (Baxua), Txapei (Ahotsa), Hidalgo (Bateria). Hainbat kontzertu eman ditugu elkartu ginenetik eta talde ezagunekin ere jo dugu (Gatillazo, Arkada Social, The Friday's Crew...). |